Ongi etorriak Bizkaiko hotelen Destino Bilbao elkartearen blogera

Bilboren erakargarritasuna, Bizkaiarena bezalaxe, areagotuz joan da azken hamarkadetan, eta, horrek bultzatuta, gero eta bisitari gehiago etortzen dira bertara Estatutik eta mundu osotik.

Egoera horren aurrean, duela hogei urte, 2001ean, Bilboko metropoli eremuko 2, 3, 4 eta 5 izarreko hotel gehienek Destino Bilbao Hotel Elkartea eratzea erabaki genuen, Bilboko eta Bizkaiko turismo establezimenduak elkartzeko asmoz.

Elkarteak Bilboko 27 hotel eta bertako zentro neuralgikoan eta negozio zentroan erabilgarri dauden oheen % 90 baino gehiago biltzen ditu, bai eta aireporturako eta BEC azoka esparrurako komunikazio gune nagusiak eta Bizkaia osoko beste gune batzuk ere.

Destino Bilbaoren helburuak eta ekintzak

Gure helburua da Bizkaiko hiriburua eta lurralde historiko osoa turismo helmuga gisa indartzea, baina nortasun ikur propioekin eta bereizgarriekin.

Horrela, Destino Bilbaok erakunde publiko, erakunde ofizial eta enpresa pribatuekin aktiboki kolaboratzen du, hala nola Bilboko Udala, Bilbao Turismo, Bilbao Convention Bureau, Bizkaiko Foru Aldundiko Turismo Zuzendaritza Nagusia, Eusko Jaurlaritzako Turismo Zuzendaritza, Bilbao Exhibition Center (BEC) eta Euskalduna Kongresu Jauregiarekin. Eta, elkarrekin, hiriaren erakargarritasuna erakusteko sustapen ekintzak diseinatzen ditugu, aintzat hartuta gure esperientzia profesionala.

Hoteletan tradizioa eta modernitatea uztartzen ditugu, instalazio erosoekin eta azken aurrerapen teknologikoekin batera. Gure esperientzia eta profesionaltasun handia bezeroen eta turisten zerbitzura jartzen ditugu, haiei kalitatezko zerbitzua emateko eta Bilbon eta Bizkaian egindako egonaldia plazer bihurtzeko.

Errekorrezko zifrak

2019an, Covid-19aren pandemiaren aurreko azken urtean, ia milioi bat bisitari jaso zituen Bilbok, errekor guztiak hautsita; horrela, 2018an lortutako zifra % 6,4 gainditu zen, eta kontuan hartu behar da 2018an garrantzi handiko ekitaldiak egin zirela Bizkaiko hiriburuan, hala nola Europako Rugby Finalak eta MTV Europe Music Awards.

Eta bisitari horiek guztiak kontuan hartuta, ostatu gauen kopurua 1.901.622 izan zen, 2018an baino % 5,7 gehiago, eta bidaiari bakoitzaren batez besteko egonaldia, berriz, 1,92 gau izan zen.

Zentzu horretan, 2 gaueko batezbestekoa lortzea da Bilbok eta Bizkaiak aurrez aurre duten erronka turistikoetako bat, Estatuko hainbat lekutatik datozen bisitarien kasuan; izan ere, kopuru hori nabarmen gainditzen dute nazioarteko turistek.

Bilbok azken hamarkadan turismoaren arloan izan duen gorakada frogatzeko, adibide hau jar dezakegu: 2014an 750.000 bisitari inguru izan genituen bitartean, 2019an ia milioi bat izan genituen.

Era berean, 2019an gora egin zuen Europako hainbat tokitako turisten kopuruak, hala nola Alemaniakoenak (% 20) eta Italiakoenak (% 14), bai eta mundu osokoenak ere, eta Japoniako bisitarien kasuan igoera ikusgarria izan zen: % 41.

Estatuari gagozkiola, Bilbora eta Bizkaira etortzen diren bisitari gehienak Madrilgoak eta Kataluniakoak izaten dira.

Bestalde, Bizkaiari erreparatuta, lurralde historikoko 1.613.185 bisitari izan genituen 2019an, 2018an baino % 3,7 gehiago, eta ostatu gauen kopurua 3.194.296 izan zen, 2018an baino % 2,6 gehiago; hori guztia Bizkaiko Foru Aldundiaren Turismo Behatokiaren datuen arabera.

Estrategia berriak

Covid-19ak eragin nabarmena izan du turismoan. Baita Bilbon eta Bizkaian ere. Baina erakundeak lanean ari dira, turistak Bizkaiko hiriburura eta lurralde osora erakartzeko.

Ekintza berrienetako bat Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak garatu dute. “Bilbao Bizkaia Lovers” lelopean, ekintza horrek helburu du mundu digitalak duen hedapen potentzial osoa aprobetxatzea, eta kanpaina honetarako bereziki diseinatu diren edukiekiko interakzioa areagotzea, 2022ko Aste Santuari eta udari begira turismoa sustatzeko asmoz.

Destino Bilbaon gogor jarraitzen dugu lanean, lehenbailehen 2019ko bisitari kopuruetara hurbiltzea lortzeko eta, zergatik ez, zifra haiek gainditzeko.

Partekatu honako hauen bidez:

Ez galdu ezertxo ere

Bizkaian gertatzen ari den guztia, turismo sektorearentzat interesa duena, Destino Bilbao newsletterrean laburbiltzen dugu.

Lotutako berriak